Wednesday, April 05, 2006

AURKARI IKUSEZINA

Kapuscinskiren "El mundo de hoy" liburuarekin egin dugun gauza bera egingo dugu orain ere. Oraingo honetan, ordea, Jose Inazio Basterretxea Poloren "Aurkari ikusezina" (Alberdania, Irun, 2003) erabiliko dugu oinarritzat.
Idazleak liburuaren lehen atalean dioenez pertsona guztiak berdinak gara, eta era berean, desberdinak. Beraz, desberdinen arteko elkarbizitza eroso bat lortu behar da, hau da, batzuen eta besteen desberdintasun berdintzaileak arautzea; desberdintasunean eroso sentitzea. Era berean, independentzia eta autodeterminazioa lortu behar dituzte talde txikiek beren ahotsari hitzak jarri ahal izateko; txikiek edo "ez direnek" esaten dutenari munduak jaramon egiteko. Izan ere, maila bereko estatusa duten administrazioen artean dira, soilik, gauzagarriak berdintasunezko harremanak. Txikiak txiki eta ez subirano diren bitartean, ez dira errekonozituak izango talde bezala; errebeldetzat hartuko ditu munduak. Gainera, komunikabide elitistek argi daukate beren eginbeharra: beren nagusien gobernu subiranoak arriskuan jar litzaketen edozeren aurkako diskurtsoa zabaltzea. Egoera latz honen aurrean, argi dago, besteen errekonozimendua lortzen ez duten taldeak desagertu egingo direla poliki-poliki. Euskaldunak izan ziren eta badira, baina izango ote dira?
Jon A.

Thursday, March 16, 2006

XX. mendea epaitzeko saioa

Injustiziaz eta miseriaz beteriko lekua da mundua. Mendebaldearen garapenak areagotu besterik ez du egin Ipar eta Hegoaren arteko aldea, eta gero eta handiagoa da haustura.
Ez dira ideia berriak. Liburu osoan zehar irakurri ditugunak biltzen dira azken atal honetan. Berritasuna formaren planteamenduan dago: ustezko epaiketa baten gisa entolatutako testua da, eta hiru ahotsen testigantzetan ematen digu Kapuscinskik aurreko mendeari buruz daukan iritzia.
Oso didaktikoa, irakurterraza eta bizia begitandu zait liburuaren amaiera planteatzeko era hau. Eta arina, aldi berean.

Madril, 2004ko martxoaren 11

Duela bi urteko atentatu sailari buruz idatzi ditu azken hitzak Kapuscinskik. Testuinguru historiko-politikoan aztertu beharraz dihardu.
Bi urte igaro berri dira, eta PPko buruzagiak testuinguru hori ukatu guran ari direla ikusi dugu. Oraindik ere historiaren kontaera bat inposatu nahian, gertaeren izaerari ere muzin egin nahirik.
Bea Z.

Monday, January 23, 2006

Asia eta islama

XXI. mende honetan Asia bilakatuko da munduaren grabitate zentroa, Kapuscinskiren arabera. Hantxe daude petrolio hobi handienak, eta kontinente hartan biltzen dira aurrera egiteko beharrezko diren ezaugarri guztiak: tradizio zaharreneko estatuak, balio etikoak, lan saiatuaren kultura, autoritateari errespetua, familia lotura sendoak eta elkarrenganako konfiantza.
Asiako herrialdeetan dago hedatuen islama: pobreenen erlijio eta indar bateratzailea. Mendebaldeak mehatxu gisa ikusten duena. Erlijio horretako fededunen eskuetan dago “urre beltza”, eta gure eguneroko ekonomia hango gorabeheren menpe. Edozein modutan, mendebaldeko estatu boteretsuek darabilten joko zikinak azpiratuta gaude herritar xeheok —hango eta hemengo—, eta hedabideek zabaldutako mezu beldurgarriekin izututa, maltzurkeria politiko horren sarean harrapatuta.
Bea Z.

Saturday, January 21, 2006

Europa-Polonia-Errusia

Atal honetan, Europara gatoz. Gertuagokoa dugu: Europan bizi gara.
Kapuscinskik dioskunez, bi Europa daude, beti izan dira bi: ideologia arrazoiengatik bainoago kulturarengatik. Bi kultura: ekialdekoa eta mendebaldekoa. Bien artean amildegi sakona, bateraezina.
Kontinente zaharra berez, eta mendebaldeak herrialde pobreetatik datorkion immigrazio geraezina hartu behar. Etorkizuna, immigrazioaren esku; elkar gerturatu eta ezagutu beharra, kulturak bateratzeko ahaleginari heldu beharra… Ezin saihestuzko ikuspegia zabaltzen zaio mendebal zahartuari: Kanpokoak etxean eta etxekoak kanpokoen mende, halabeharrez: pobrearen pobrez, immigranteak derrigortuta daude industriako eta gizarteko lan makurrenak onartzera, etxekook egin nahi ez ditugunak. Olatu horrek utziko duenari ezin begiak itxi.
Polonia eta Errusia Europa ekialdeko kulturako estatuak ditugu; desberdinak, halere. Poloniar izatearen zailtasunaz dihardu autoreak. "Euskaldunon Egunkaria" itxi zutenean, euskaldun bati baino gehiagori entzun nion esaldi berberarekin dio: “¡Señor!, qué difícil resulta hoy ser polaco, querer pensar, querer trabajar”. (Polacoren ordez, euskaldun esanda, jakina).
Errusiaz dihardunean, komunismoak utzitako arrastoak aipatzen ditu Kapuscinskik, eta gizartea nola aldatzen doan egunez egun: gazteek gero eta irentsiago duten inperialismo amerikarra eta, oro har, “demokraten” diru gosea nabarmendu ditu azken urteetako aldeketen artean.
Bea Z.

Wednesday, January 18, 2006

Latinoamerika

Beste kontinente bati egindako begiratua: muturreko egoerak berriz ere. Desberdintasunak frustrazioa dakar, gorrotoa baino gehiago, eta etsipena. Abiapuntu horretatik ulertzen du Kapuscinskik hegoamerikarren pairamena, eta egoerei bere horretan eusteko joera. Miseriak agintzen du paraje haietan,
Pobrezian Afrikatik gertu egon liteke, baina Kapuscinskik egin digun deskribapenean, paisaiak beste kolore bat hartu du; erritmo berezian dantzatzen direla esan digu. Latinoamerikako herrialde batzuetan miseriak kontzientzia sortzeko biderik ere ez du ematen. Miseriak den-dena hiltzen du, baita elkartasun asmoak ere.
Esperantzari irekitako leihoa izan liteke Evo Moralesen proiektua.
Bea Z.

Monday, December 12, 2005

Afrika: zazpigarren atala

Lehen-lehenik aitor dezadan: ez dut Afrika ezagutzen. Ez dakit ezer kontinente horri buruz. Beste herritar arrunt batek baino gehiago, ez.
Labur-labur bada ere, Afrika gaurko egoerara nola iritsi den ikusarazi dit autoreak: Mendebaldeak zer egin dion, zer ez; zer daukagun egiteko. Zer den hango arazoa, zergatik den gurea ere.
Abstrakzio bat da niretzat “Afrika”, ez daukat inolako erreferentziarik. Baina pasarte batean hango pertsonen arima sentiarazi dit Kapuscinskik, eta horrek zerbait piztu du nire barruan: “(…) el hombre cayó por debajo del valor del caucho, del algodón o del oro y se convirtió en un animal de caza: de ahí el complejo africano de inferioridad. La psicología del hombre conquistado, colonizado, maltratado, envilecido y reducido a la nada ha formado su visión del mundo: por eso el africano lo contempla a través del prisma de la raza”. Eta pentsatu dut: bizi izandakoak bizi zaitu.
Atal honetan, Kapuscinskik Afrikara eraman nau; handik mundura begira jarri nau. Eta euskal mundutik begira jarri nau.
Bea Z.

Monday, December 05, 2005

Gaurko mundua: seigarren atala

Gaurko bizimoduaren abailaz ari da (berriro) Kapuscinski, atal honetan. Aldaketak etengabe gertatzen dira, geraezina da aurrera egin behar hori.
Hainbeste aurrerapen teknologiko asmatu eta hedatzearen hedatu beharraz, mundu bateratuaren lilura saldu nahi izan digute. Baina gizartearen barruan, inoiz baino arrailadura handiagoak irekitzen ari dira. Zergatik? Dena bat bihurtu nahi izateak, eredu batera menderatu nahiak, “besterik” ikusteko begirik ez duelako, “bestenik” ezagutu nahi ez dugulako, betarik eskaintzen ez zaiolako beste kulturei, beste hizkuntzei, beste pentsamoldeei.
Irailaren 11ko gertaeren ondorioz, munduaren eta gizarte(ar)en nondik norakoez hausnarketa sakona egiteko aukera paregabea ikusi du Kapuscinskik. Beldur da, ordea, gerra hotzaren ondoko urteetan estatubatuarrek ereindako “entretenimenduaren kulturak” errealitateari muzin egitera ez ote gaituen eramango berriz ere. Tentazioa handiegia da: jarrera aktiboari heldu beharrean, aukeran errazagoa da “ametsezko errealitatean” bizi, auzokoa zein den, nola pentsatzen duen eta zer nahi/behar duen galdetu ere egin gabe. Zentralismo estatubatuarraren ereduari jarraitu eta hark zabaldutako ideologia itxiari men egin, “demokraziaren” zutabe hauskorrak dardarka jarri gabe.
Herri txikia da gurea, eremu urriko hizkuntzaren jabe dena, izaera nahiko berezia izan duena oraintsu arte (behintzat). Ez gara bakarrak: asko dira gaurko munduan gure egoeran (okerragoan ere bai; ziur). Zer leku daukagu globalizazio “orojale” horren garaian? Ba al daukagu gure ahotsa entzunarazteko modurik? Zer egin dezakegu gutako bakoitzak, gure egunerokoan, "entretenimendu" giro horrek betiko ito ez gaitzan?